Berriak

ARRAKASTAZ ARRAKASTA

Euskal Selekzioak penalti jaurtiketetan hartu du mendean Korsika. Lehen zatian etxekoak nagusitu dira, baina atsedenaldi ostean gehiago izan dira euskaldunak.

Jarraitzaileek gura baino gehiago itxaron behar izan duten arren, gaurkoan ere aho zapore gozoarekin utzi ditu Euskal Selezkioak. Beste behin, jokatzen dituen neurketa guztietan erakusten duen grina eta profesionaltasuna plazaratu ditu Etxarrik eta Amorrortuk zuzendutako selekzioak.

Korsika mendean hartzea ez baita samurra izan. Batetik, jokalariak hamar hilabete luze iraun duen denboraldian pilatu duten nekeari egin behar izan diote aurre; bestalde, hil edo bizi aritu den aurkari langilea izan dute aurrean; eta, gainera, zelaiaren moteltasunak eta epailearen lanak ere ez dute asko lagundu. Hala ere, garaipena eskuratu du gure selekzioak.

Hori bai, lehen zati txarra jokatu du. Korsikak azkar hartu dio neurria lehiari. Euskal Selezkioak, berriz, ez du asmatu kontrarioaren jokmoldeari aurre egiterako orduan. “Zelai erdia galdu egin dugu. Aurreregi joan gara. Horren ondorioz, Korsika bizi atera da kontraerasora”, adierazi du Mikel Etxarrik neurketa amaieran. Etxekoen nagusitasunak hogeigarren minutuan izan du saria. Ezker hegaletik barneraketa egin eta arean sartu bezain laister jaurtiketa gurutzatu zehatza egin du Santellik Korsika aurretik jartzeko. Ez da izan, gainera, atsedenaldira joan aurretik etxekoak izan duten aukera bakarra.

Gol bategatik soilik galtzea izan da lehen zatiko albisterik onena. Begibistakoa zen gauzak aldatu egin behar zirela, eta hala izan da. Euskal Selekzioa itxuraldatu egin da bigarren zatian. Zelaia erdia sendotu du eta baloiaren jabetza oinarri hartuta nagusitu egin da soropilean. Jokoaren ekimenak eramanda sartu du banakoa. Susaetak barneraketa ona egin du eskuin hegaletik eta atzetik sartuta maisutasunez egin du burukada Markel Bergarak.

Berdinketa lortzea zen Euskal Selekzioaren lehen helburua. Bigarrena, garaipean eskuratzea. Bigarren zati osoan ahalegundu da. Sabin Merinoren parte hartzeak sakontasuna eman dio, baina ez da kapaz izan neurketa iraultzeko. Hortaz, penalti puntutik erabaki da irabazlea. Guztira hamar jaurtiketa egin behar izan dituzte. Modesto eta Cahuzac izan dira etxekoan aldetik kale egin dutenak. Euskal Selekzioan, berriz, Mikel Gonzalez geratu da asmatu barik. Garaipenaren penaltia Bergarak sartu du. Elgoibartarra izan da lehiako protagonista nagusia Carlos Gurpgiren kirol ibilbideko azken neurketan.

 

Euskal Selekzioa: Iraizoz; Capa, Elustondo, Gurpegi, Garrido; Iturraspe, Rico, Xabi Prieto, Zurutuza, Bertxitxe; eta Eraso. Bigarren zatian zelaratu diren futbolariak: Riesgo, Susaeta, Ansotegi, Zaldua, Mikel Gonzalez, Dani Garcia eta Sabin Merino.

1-0Santelli, min 20          

1-1Bergara, min 50

Penaltiak: Mikel Gonzalez, fallo; Eraso, gol; Susaeta, gol; Zurutza, gol; Dani Garcia, gol; Bertxitxe, gol; Sabin Merino, gol; Zaldua, gol; Ansotegi, gol; Bergara, gol. Azken emaitza: Korsikak 8- Euskal Selekzioak 9