Berriak

JOKOA, GOLAK ETA GARAIPENA

Euskal Selekzioak maila ona emanda hartu du mendean Txekiar Errepublika (2-1). 1800 zalek auspotu dute taldea Ipuruan.

Zaharrak berri. Euskal Selekzioak sarri erakutsi du lehiakorra dela. Beraz, Ipuruan emandako itxura bikainak ez du inor harritu. Hala ere, ezin bada egindako lehia borobila nabarmendu barik utzi. Izan ere, norgehiagoka prestatzeko denbora gutxi izan arren, maisutasunez antolatu du taldea Iñigo Juaristik. Teknikariaren ekarpena lehen zatian ikusi da. Epaileak txistua jo bezain pronto aurrera egin du selekzioak eta ez dio kontrarioari arnasa hartzen utzi. Berdegunean erakutsitako nagusitasuna zortzigarren minuturako islatu da markagailuan. Erikak aurkarien akats bat baliatu du txekiarren atezaina hankapetik gainditzeko.

Markagailuan aurrea hartu arren, Euskal Selekzioa ez da lasaitu eta harmailetatik jasotako babesa lagun estutzen jarraitu du. Nahikari Garciak eta Erikak aukera bana izan dute aldea handitzeko, baina atsedenaldira gol bakarreko abantailerekin erretiratu dira Euskal Selekziokoak.

Bigarren zatian aldaketa asko egin dituzte bi teknikariek eta horrek aldatu egin du lehia. Baina Txekia nagusitzen hasi aurretik, Euskal Selekzioaren bigarren gola sartu du Nahikari Garciak. Gipuzkoarrak gol sen aparta duela berretsi du. Dena dela, Txekiak ez du etsi eta apurka-apurka nagusitzen hasi da. ”Fisikoki oso indartsuak dira. Geldikako jokaldietan ere ahaltsuak dira eta aurrerapausua eman dutenean sufritu egin dugu“, adierazi du Ane Bergarak. Bada, geldikako jokaldi batean iritsi da Txekiaren gola. Bortonovak areaz kanpotik egindako jaurtiketaren aurrean ezin izan du ezer egin Tirapuk.  Behin aldea murriztuta estutatzen jarraitu du Txekiak, baina Euskal Selekzioak neurketa erabakitzeko aukera izan du. Yulema Corresi egindako penaltia gora jaurti du Gimbertek. Azken mintutuetan sufritzea egokitu da baina garaipena etxekoentzat izan da. “Neurketa ona jokatu dugu eta merezitako garaipena eskuratu dugu”, esan du Juaristik.    

 

Euskal Selekzioa: Quiñones (Tirapu, min. 46), Unzue (Gastearena, min. 75), Vanesa, Ramajo (Damaris, min.46), Moraza (Bergara, min. 61), Flaviano (Baños, min.65), Maite, Beristain, Erika, Nahikari (Manu, min. 65), Nekane (Yulema, min. 73).

Republica Checa: Vanickova (Horackova, min. 73), J: Sedlackova, Olaskova, Necidovo, N. Sedlackova, Krejcirikova, Cahyynova, Chlastakova, Nepokojova, Kladrubska, (Dedinova, min. 46), Szewiecskova (Divisova, min. 73).

Golak: 1-0 Erika (min.8); 2-0 Nahikari (min. 48); 2-1 Bortonova (min. 65).

Epailea: Beatriz Arregi.