Berriak

Lehiatzen dakien taldea

Euskal Selekzioak hutsean berdindu du Panamaren etxean. Bi selekzioak zuzenago aritu dira defentsan erasoan baino.

Euskal Selekzioak zelaian erakutsi zuen egoera okerrenetan ere aurpegia emateko gai dela. Javier Clementek zuzentzen duen taldeak hutsean berdindu zuen Panamara egindako bisitan. Ez zen goi mailako neurketa izan, baina Euskal Selekzioak erronkari nola egin dion aurre aztertuz gero meritu handiko berdinketa dela esan daiteke: deialdia egiteko zailtasunak, denboraldiaren azken txanpan jokalariek pilatuta duten nekea, kanpoan jokatu izana, edota beroa eta hezetasuna ez da nahikoa izan lehiatzeko gaitasun aparta erakusten duen selekzioa kikiltzeko.

Rommel Fernandez estadioan bildutako hamar mila zale zaratasuek ezin izan zituzten Panamako selekzioari loria eman dioten lau futbolari ohi omenduak garaipen batekin agurtu: Felipe Baloy, Jaime Penedo, Luis Tejada eta Blas Perezek jarraitzaileen berotasuna jaso zuten baina Urrezko Kopa prestatzen ari den Panamak ezin izan zuen Euskal Selekzioa mendean hartu. Neurketa orekatua, borrokatua eta aukera gutxikoa izan zen. Etxeko taldeak areaz kanpotik egindako bi jaurtiketetan sortu zuen arrisku gehien. Baina Escobarren eta Arroyoren ahaleginek Herrerin eta Aitor aurkitu zituzten hurrenez hurren. Gainerakoan, Euskal Selekzioak arazo barik zaindu zuen bere atea. Bestalde, zelai erditik aurrera zailtasunak izan zituen. Ez zen kapaz izan aukera argirik sortzeko. Ez lehen zatian ez atsedenaldi ostean. Hori bai, ezin aipatu gabe utzi  debutariek erakutsitako  nortasuna. Etorkziunean pisu gehiagorekin itzul daitezkeela erakutsi zuten.

Euskal Selekzioa:  Herrerin (Aitor Fernandez,46); Bustinza, Elustondo, Iñigo (Vivian, 46), Balentziaga, Aihen Muñoz (Iñigo Vicente, 66); San Jose, Manu Garcia;  Gaizka Larrazabal (Areso,74), Javi Eraso; y Aduriz (Villalibre, 55).

Panama: Penedo; Galvan, Escobar, Perez, Heraldez, Sanchez, Cooper, Machado, Blackman, TTejada, Baloy. Aulkitik zelairatuko jokalariak: Chen, Arroyo, Fajardo, Carrasquilla, Pimentel, Davis, Zuñiga, Balckburn eta Calderon.

Epailea: Jaime Herrera.

Emaitza: 0-0