Berriak

Euskal Selekzioak Camp Nou hartu du

Aritz Adurizen golak merezitako garaipena eman dio taldeari 51.000 jarraitzaileren aurrean.

Euskal Selekzioak edozein aurkariren kontra edozein zelaitan neurria emateko gaitasuna duela berretsi du Camp Noun. Ez baita inorentzat samurra Bartzelona handia oinarri duen selekzio bati bere etxean irabaztea. Baina Etxarrik eta Amorrortuk zuzendutako taldeak lortu du eta itxura ona emanez, gainera.

Lehen zati ona jokatu du gure selekzioak. Lehen minututik lehiakor zelairatuta, aurkaria txiki utzi du festa giroan zegoen zelaian. Baloiaren jabetzari eta neurketaren kontrolari etekina ateratzeko makina bat aukera izan ditu, baina ez da posible izan Pau Lopezen atea zulatzea.Iker Muniainek Euskal Selekzioa aurreratzeko aukera paregabea izan du 11. minutuan, baina penalti puntutik egin duen jaurtiketa bikain geratu du atezainak. Bost minutu beranduago Aduriz izan da area ertzean buelta erdia egin eta aurkari guztiak atzean utzi ostean ate aurrean bakar-bakarrik geratu dena. Baina beste behin Lopez agertu da –neurketako jokalaririk onenaren saria eman diote-.  

Euskal Selekzioaren lehen indar erakustaldiaren ondoren esnatu da Katalunia. Baloiaren jabe egin da eta agintzen hasi da soropilean. Etxekoak Iraizozen atera gerturatzen hasi dira eta ez du gola aparte izan. Verduk izan ditu aukerarik onena. Erdilariaren lehen jaurtiketa atzelari batek urrundu du. Bigarrenean, berriz, atezaina izan da bere gorputz handia luzatuta ezinezkoa zirudien geldiketa egin duena. Ona izan da Verduk areaz kanpotik egin duen jaurtiketa eta hobea erantzuna.

Joan etorriko neurketa izanda ez zen erraza jakitea zein selekziok asmatuko zuen lehenago. Ba, ia beti agertzen dena azaldu da zaleen zalantzak uxatzeko. Aritz Adurizek area barruan egindako kontrol bikaina eta erremate azkar batekin gaindiezina zirudien Pauren atea zulatzea lortu du. Aurrelariak hamaikagarren gola sartu du selekzioarekin hamar partidetan.

Euskal Selekzioa merezitako sariarekin erretiratu da aldagelara. Bigarren zatian, berriz, gauzak aldatu egin dira. Etxarrik eta Amorrortuk hamaika jokalariak aldatu dituzte. Kataluniak, berriz, zazpi egin ditu. Horrenbeste aldaketarekin moteldu egin da lehia. Gure selekzioak neurketaren kontrola galdu du eta atzera egin du markagailuan zuen abantailari eutsi asmoz. Katalunia ahalegindu da, gehiago izan da baina ez du arrisku handirik sortu Asier Riesgok zaindutako atean.  Egun handia, garaipen bikaina.

Euskal Selekzioa: Iraizoz; Boveda, Ansotegi, Iñigo, Bertxitxe; San Jose, Illarramendi, Xabi Prieto; Muniain; Toquero eta Aduriz. Bigarren zatian: Riesgo; Carlos Martinez, Etxeita, Aurtenetxe, Balentziaga; Bergara, Rico, Eraso, Capa, Torres; eta Agirretxe.

Katalunia: Pau Lopez; Aleix, Pique, Bartra, Alba; Busquets, Verdu, Sergi Roberto; Piti, Sergio eta Victor. Bigarren zatian: Masip, Montoya, Didac Vila, Alvaro, Marquez, Victor Alvarez, De la bella, Keita Balde, Gerard, David Lopez eta Jordan.

0-1 ADURIZ 39. MIN

CAMP NOU: 51.224 IKUSLE